NZ4T KRONIKA

Ardoak ontzeko utzitako denbora nola, hala utzi dugu Natur Zientzien Topaketa ere hobetzen. Zurrunbiloaren ostean, aste pare batek eskainitako perspektibak lagunduta, hona hemen jardunaldiko kronika.


Bi eguneko topaketan «Ondare genetikoa, uher eta urri» hitzaldiarekin murgildu ginen natur zientzien munduan, aldaketa globalaren ondorioak erleetan eta mehatxatutako landareetan jorratzeko. Andone Estonba Recaldek errepasoa egin zuen Europako erle espezieen eta haien aldaeren artean, “Bertako erlea kontserbatzen: ikuspegi genetikoa” izeneko hitzaldian.

«Ondare genetikoa landreen kontserbaziorako giltzarria: nola finkatu kontserbaziorako lehentasunak» izeneko hitzaldian, berriz, Joseba Garmendia Altunak eta Pablo Tejero Ibarrak txandaka hartu zuten hitza. Mehatxatutako landareen kontserbaziorako programak izan zituzten hizpide, baita lan horien zailtasunak ere. Lehen aldiz ari dira ikertzen Pirinioetako landare kalteberak ikuspegi biogeografikotik, eta kontserbaziorako lehentasunak finkatzen saiatzen ari dira, dibertsitate genetikoa ere aintzat hartzen.


Basogintzak gene aniztasunetik asko duenez ikasteko, «Basogintza: iragana eta geroa» hitzaldi sortari ekin genion jarraian. Lehenik, Alvaro Aragón Ruano aritu zen, errepaso historikoa egiteko: «Jasangarritasunaren bila: euskal basoen kudeaketa aro Berrian zehar». Ideia bat nabarmendu zuen, euskaldunek, beste askok ez bezala, lortu zutela erabilpen jasangarria egitea basogintzan XVIII. mendera arte. Egungo erronkei beha, aldiz, Garazi Auzmendi Arkarazo aritu zen. Basoen gaitasuna aldaketa globalari aurre egiteko izan zuen hizpide, eta haien ekarpenak xehe-xehe azaldu: karbono dioxidoaren hustuleku direla, bertako espezieek bi edo hiru aldiz CO2 gehiago metatzen dutela, izurriteak zabaltzeko oztopo direla... Argi zuen Garazik: «klima aldaketaren aurkako borrokan basoen ekarpena ezinbestekoa da, baina argi izan behar da baso eredu edo zuhaitz landaketa guztiek ez dutela berdin balio klima krisiari aurre egiteko». Ideia horri bueltaka joan ginen modakutxoa jatera, bakoitzak ahal zuen modurik onenean…


Indartuta itzuli ginen atsedenetik, topaketako amu interesgarrietako bati heltzeko gogoz. Ziztu bizian harrapatu gintuen «Orokorretik tokikora, ingurumen arazoak komunikabideetan» mahai inguruak. Mikel Etxeberria Okariz aritu zen hizlarien bidelagun, eta ez zuen konpainia makala izan solasaldiari aurre egiteko: Aitziber Aguirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko kazetaria, Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai Argiako kazetaria, Izaro Gorostidi Bidaurrazaga EHUko Politika eta Administrazio Zientzia saileko ikerlaria, eta Alex Fernandez Muerza EHUko Kazetaritza fakultateko irakaslea, hain zuzen. Maisuki harilkatu zituzten komunikabideen eginkizunen inguruko ertz guztiak. Ingurumen gaien komunikazio egokia lortzeko, baina, hausnarketa gehiagoren premia dago. Feminismoak esparru guztiak blaitu ditu azken urteetan, eta berdin egin beharko lukete ingurumen gatazkek ere.


Gatazka horietako batekin eskuratu zuen poster saioko Itsumustuka saria Eñaut Izagirre Estibariz ikerlariak, dronen bidezko glaziarren ikerketagatik. Ondotik, Gradu edo Master amaierako poster onenaren saria Asier Alvite Arregi eta haren betizu kuttunentzat izan zen. Maialen Arrieta Aseginolaza Aranzadiko kideak erdietsi zuen, berriz, sari nagusia, EAEko landare mehatxatuen germoplasmaren inguruko proiektuarekin. Aurkezpen laburrekin, bizi erakutsi zituzten postergileek haien artelanak, baina, ohartzerako, egunak berea egin zuen.


Itzali aurreko amaierako sugarrek beti dute distira berezia. Bagenekien topaketaren goizeko saioa besterik ez genuela aurretik, baina irrikitan geunden azken bi saioetako hitzaldiekin gozatzeko. «Aldaketa globala ingurumen hezkuntzarako akuilu» hitzaldi sortak ederki asebete gintuen. Aitziber Sarobe Egigurenek ingurumen hezkuntzako oinarriak goitik behera jarri zituen, eta eskarmentutik hobekuntzak egiteko proposamenak egin. «Aldaketa globala: abiapuntua edo helmuga» jarri zion hitzaldiari izenburua, baina bidea nola egin izan zuen azkenean hizpide. Maria Napal Frailek jarraitu zuen, «Tokiko adibideetan oinarritutako eztabaida soziozientifikoak: herritar kritikoak heztea» hitzaldiarekin. Kultura zientifikoa eskuratzeko estrategiak eta adibideak ekarri zituen, baita azaldu ere ingurumen gatazkak nola izan daitezkeen hezkuntzarako lanabes. Ikusleen arteko irakasle saldoak biziki eskertu zituen bien ekarpenak.


Ikusi beharrekoak ikusita hobetzeko aukerarik ez zegoela uste zenean, «Elikadura burujabetzaren analisia topagune» gogoeta saioak goi mailako solasaldia ekarri zuen topaketari amaiera ematen hasteko. Arantza Aldezabal Roteta EHUko irakasleak gidatu zuen, larre ekologian hainbat urtetan aritzeak eskainitako zuhurtziaz. Gogoetatzaileen artean, berriz, Euskal Herriko eta elikaduraren munduko aniztasunaren isla: Juanma Intxaurrandieta Salaberriak INTIAko langilea, Josebe Blanco Alvarez EH Kolektiboak elkarteko kidea, Gotzone Sestorain Zabaleta Etxaldeko ekintzailea eta Mirene Begiristain Zubillaga EHUko irakaslea. Ikuspuntu biologikotik, geologikotik, sozialetik eta ekonomikotik landu zuten auzia. Goizegi iritsitako amaieran, aldiz, berandu baino lehen ekiteko mezua: ezinbestekoa da elikadura burujabetza lor dezakegula sinestea.


Sinestezina benetan topaketaren amaierara iritsi ginela ohartzea izan zen. Egun eta erdiz Eureka!-ko aretotik kanpo utzi genituen distrakzio guztiak aldaketa globalari ganoraz eta aurrez aurre begiratzeko. Arreta Euskal Herriko arazoetan jarri nahi genuen, ohartu gabe ekintzetara eta diskurtsoetara ekartzeak zer nolako ahalegina ekarriko zuen. Bertako erleen eta Pirinioetako landare mehatxatuen ondare genetiko hauskorra, basogintza ereduen bilakaera eta haien ekarpena klima larrialdiaren aurrean, komunikabideetan ingurumena zeharlerro bilakatzeko iraultza, hezkuntzako paradigma aldaketa, elikadura burujabetzarako estrategiak… Bidelagun izango ditugu egunerokotasunari beste ikuspegi batekin heltzeko.


Mila esker topaketara etorritako guztiei, hizlariei, postergileei, UEUko kideei eta gainerakoei. Sare ederra osatzen dugu, eta hala aurki daitezke topaketaren moduko argiuneak testuinguru ilunenetan.

43 views0 comments

Recent Posts

See All