Ikasturte hasierarekin bat, topaketa martxan

Denborak ez omen du barkatzen, eta oharkabean heldu gara gu ere irailaren hasierara. Ikasturtea sobera aldrebesa eta nahasia izanen da, ziur, baina baita aukeraz betea ere. Horien artean, azaroaren 7a eta 8a azpimarratuta dugu naturzaleok, orduan bilduko baikara Iruñean, natur zientzien laugarren topaketan. Irailaren 21ean irekiko dugu izen ematea, eta azaroaren hasiera bitarte ez dugu itxiko. Ez utzi, ordea, azken momenturako!


Horrez gain, udako txingurri lanari esker, NZ4Tko edukien programa lotu dugu dagoeneko, eta hemendik aurrera astez aste gai sorta bakoitzaren berri emango dizuegu xehe-xehe. Guztiek dute komunean aldaketa globalaren ondorio izatea, eta, esaterako, genetika izango dugu lehen moduluko protagonista.


Azken mezu bat ere badugu zuentzat. Poster saiorako izen ematea topaketara joatekoarekin batera irekiko dugu, eta berebizikoa da guretzat naturzale, elkarte eta ikerlarien inplikazioa lortzea. Saio irekia dugu hau, malgua, eta guztion ekarpenekin ziur euskal ikerlarien aurkikuntzen, elkarteek egindako lanen eta tokiko ingurumen arazoen bozgorailu bikaina izanen dela. Web orriko poster saioaren txokoan topa dezakezue informazio guztia.


Topaketan elkar ikusiko dugulakoan,

NZ4Tko talde antolatzailea


en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.