Gogoeta-saioa: Elikadura burujabetzaren analisia topagune

Klima aldaketa edonon agertu arren, aldaketa globalaren ondorioetako bat soilik da, eta lursailen egungo kudeaketek edota azpiegitura handiek eragin nabariagoa dute gurean. Aldaketa globalari aurre egiteko eta ingurumenean giza eragina txikitzeko, hainbat euskal herritarrek elikadura burujabetza jo dute konponbide.


Zenbait elkarte, zientzialari eta politikok Euskal Herria iraunkorrago eta burujabeago egiteko helburuarekin lan egiten du; baina, askotan horien ekimenek anekdota huts dirudite, eta ez egungo egoera hobetzeko irtenbide baliagarri.


Hori dela eta, modulu honetan bildu ditugu elikadura burujabetzaren aldeko eragileen hautaketa xumea. Hainbat elkarte eta kargutako jendea, baserritarretatik hasita, alkate eta administrazioko kideetaraino. Helburua, gogoeta jarduera baten bidez, bakoitzak beretik, elikadura burujabetza lortzeko bidean topatutako alde positiboak eta oztopoak mahaigaineratzea da.


Hainbat ertzetatik jorratu nahi dugu auzia, ikuspegi orokorretik hasita tokiko errealitatean aplikatzeko moduko neurrietaraino. Horretarako, gogoetatzaileek derrigor behar dute elikaduraren ekoizpeneko katebegi ugaritakoak. Halaxe saiatu gara taldea osatzen, ez al da begi bistakoa haien biografietan?


Gogoeta-saioa Arantza Aldezabal Rotetak gidatuko du. Bertan izango ditugun hizlariak nortzuk diren jakin nahi baduzu egin klik hemen.

17 views

Natur Zientzien IV. Topaketa udaberrian izango da

 

Laugarren edizioa prest izan arren, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek osasun larrialdiaren ondorioz. 

 

Mugikortasun mugak tarteko, ezinezkoa da azaroaren 7an eta 8an Euskal Herriko hainbat tokitako naturzaleak Iruñean biltzea. Horregatik, egokiago iruditu zaie arduradunei ekitaldia atzeratzea edizio birtuala egitea baino, topaketa, azken finean, naturzaleak saretzeko gunea delako. Are gehiago, natur zientzietako esparruko kideekin elkartzeko tokia da, aspaldi ikusi gabeko lagunak zertan dabiltzan jakitekoa, bizipenak partekatzeko foroa, jakinmina asetzeko ilusioa… Horiek guztiak nekez lortuko dira aurrez aurreko ekitaldirik gabe. 

 

Azaroko zita, beraz, udaberrian izango da, apirilean. Dagoeneko topaketarako izena emandakoei tokia gordeko zaie, eta ez dute berriz izena eman beharko. Hala ere, poster deialdia eta izen ematea berriz ere irekiko dira topaketaren udaberriko datak hurbildu ahala. 

 

Bien bitartean, antolatzaileek laugarren edizioko gai nagusia bizkar zorroan hartu eta Euskal Herriko bazterrak miatzera gonbidatu dituzte naturzaleak. Aldaketa globalaren xerka, bertako txoko miresgarriak topa daitezke, baita haien mehatxuak ere.

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.