Eskala handiko ureztatzeak Nafarroako nekazariak arriskuan jartzen ditu aldaketa globalaren aurrean

Updated: Feb 4

Nekazaritzaren intentsifikazioa mundu mailako fenomenoa da, eta lurren uzte eta deforestazioarekin batera nekazaritza paisaien eraldaketaren arrazoi nagusietariko bat da. Intensifikazio horrek, hainbat nekazaritza sistemen galera ekarri du, batez ere, nekazari txikiena. Nafarroan, Itoitz-Nafarroako Kanala proiektuan eraikitako eskala handiko ureztatze sistemaren helburua, nekazaritza garapena, baserritarren bizi kalitatea eta klima aldaketara moldatze ahalmena handitzea zen. Hala ere, proiektu horren eraginez, nekazari txikiak zaurgarriagoak egin ditu merkatu eta klima estresen aurrean, eta egungo eta etorkizuneko aldaketen moldatze ahalmena gutxitu du.

Eskala handiko ureztatze sistemak ezarri ziren Nafarroan 2006-2014 urteetan zehar, Itoitz-Nafarroako Kanala proiektuaren ondorioz. Sistema berri horrek, uzta motaren aldaketa eragiteaz gain, uraren kontrola aldatzea eragin du, komunitate lokaletatik, enpresa pribatu batera aldatu da, eta horrek, uraren prezioan eragina izan dezake. Gainera, lursailak jabe gutxi batzuen esku geratu dira.


Nekazariek aitortu zuten sistema berri horrek beraien bizigaiak kolokan jartzen zituela, uzten prezioak merkatuaren menpe zeudelako, klima aldakorraren eta lehorteengatik eta instituzioen babes faltagatik. Izan ere, sistema berria erabiltzen dutenek (nekazari handiak batez ere), lur eta ur eskuragarritasun handiagoa dute instituzio lokal eta nazionalek erabakita. Horrek, haien zaurgarritasuna gutxitzen du, bai merkatuarekiko eta baita, klima aldakortasunarekiko sistema ezarri ez dutenekin alderatuta, gehiengoa, nekazari txikiak direlarik.


Eraikuntza berri horrek ingurunean ere eragin larriak izan ditu, eta are handiagoak izan ditzake. Batetik, horrelako azpiegitura handiak eraikitzeak paisaia eraldaketa handiak dakartza, eta izaki bizidun askoren habitaten zatiketa sortzen du. Habitat zatiketa biodibertsitate galeraren eragile garrantzitsua da. Bestetik, etorkizunean, klima aldaketaren ondorioz, Mediterraneoan zehar prezipitazioak gutxitzen badira, ur eskaria handituko da, eta, aldi berean, prezioak igo eta horrek, nekazariek beraien lurrak mantentzeko gaitasuna kolokan jarri dezake.


Albizua et al. (2019) ikerketak argi utzi zuen, proiektu hori ezegokia izan zela nekazaritzarako; izan ere, ureztatze mota horrek ekar ditzakeen onurak ez dira berberak nekazari guztientzat klima eta merkatu aldakorrak daudelako, eta nekazarien zaurgarritasuna handitzen du lur eta ur eskuragarritasunean. Bestetik, egungo nekazaritza intentsiborako dagoen trantsizioak sistema ekologiko eta sozialen moldatze gaitasuna gutxituko du, sentikorragoa izango baita etorkizuneko aldaketen aurrean. Egoera iraultzeko, politika publikoek nekazari txikiak eta nekazal sistema dibertsoagoak sustatu eta babestu beharko lituzkete, eskala handikoak babestu beharrean.


Erreferentzia

Albizua, A., Corbera, E., & Pascual, U. 2019. Farmers’ vulnerability to global change in Navarre, Spain: large-scale irrigation as maladaptation. Regional environmental change, 19(4), 1147-1158.


21 views0 comments

Recent Posts

See All