Ertzetatik erdira: Rachel Carson

Otsailak 11 ditu gaur, eta hamaika emakumek egin dituzte aurrerapenak eta aurkikuntzak zientzian. Diskriminazio eta aurreiritziak tarteko, ordea, horietako askoren izenak ezezagunak dira oraindik. Iluntasun hori argitzeko sua piztu nahi dugu, eta horretarako, Rachel Carson aipatu nahi dugu. Kontzientziazio ekologikoaren sugarrei haizea eman zien biologoak.

Springdalen, Pennsylvanian, jaio zen 1907an. Ingeles ikasketak hasi arren, biologiako gradura aldatu, eta 1929an magna cum laude graduatu zen. 1932an zoologia eta genetika masterra egin zuen Johns Hopkins unibertsitatean. Etxean diruz larri zeudela-eta irakasle hasi zen 1934an. 1935ean, aita hil ostean, bere irakasle izandakoaren gomendioz Estatu Batuetako Arrantza Zerbitzuan (US Bureau of Fisheries) hasi zen lanean. 7 minutuko 52 irratsaioren gidoiak idaztea izan zen bere lehen lana, zeinaren ostean lanpostu finko baterako oposizioak egin eta eskuratu baitzuen. Bigarren emakumea izan zen postua eskuratzen.


29 urte zituela hasi zituen biologo lanak, beraz. Eginkizuna itsas biologiako lan zientifikoak irakurri, eta sektoreko profesionalei helarazteko laburpenak idaztea zuen. Aldi berean natura eta itsasoa ardatz hartuta artikuluak idatzi zituen egunkarietan. Haiek ziren, hortaz, dibulgazioan hastapenak.


Egindako lanen ildoa jarraiturik itsasoa eta bertako bizitzari buruzko trilogia argitaratu zuen: Under the Sea Wind (1941), The Sea Around Us (1951) eta The Edge of the Sea (1955).


1962an bere liburu ezagunena argitaratu zuen: Silent Spring. Bertan pestizidak mugarik gabe erabiltzearen eragin negatiboak zerrendatzen ditu. Liburuak kritika asko jaso zuen eta jasotzen ditu oraindik ere. Hala ere, ekologia kontzientziazioko dibulgazio liburu garrantzitsuenetakoa da. Liburuaren mezu garrantzitsuena da gizakion ekintzak natura kaltetu dezakeela, eta gu geu ere naturaren parte garen heinean, berau salbatzeko ahaleginak egin beharko genituzkeela, eta ez akabatzekoak. Liburuak sortutako mugimendu ekologistari eta ekofeministari esker DDTan oinarritutako intsektiziden erabilera mugatzea lortu zen Estatu Batuetan (intsektizida horren erabilera 1972an mugatu zen AEBn, Espainian 1977. urtean mugatu zen eta Frantzian, aldiz, 1986an).


Bularreko minbiziari borroka irabazi zion, baina gaixotasunak eta kimioterapiak oso ahul utzi zuten, eta 1964an hil zen, 56 urte zituela.


Erreferentziak:

https://mujeresconciencia.com/2015/06/22/el-caso-de-rachel-carson/


Azaleko argazkia Wikimedia Commons-etik hartu da.

26 views0 comments

Recent Posts

See All