Eredu bat eta hamaika arazo egungo basogintzan

Euskal Herriko baso industria bi bide nabarmen ari da hartzen. Lehenengoa baso ustiaketa bertan behera uztea da, eta bigarrena are gehiago intentsifikatzea. Bada egungo basogintza oraindik intentsifikatzerik, eta bide hori ari dira hartzen lur jabe handiak, eta imitazioz baita txikiak ere. Epe motzetan ustiatutako koniferak epe are laburragoetan ustiatutako eukaliptora bideratu dira (Cryptomeria, Pawlonia eta beste esperimentu batzuk ahaztu gabe).

EAEn eukalipto azalera 4 aldiz biderkatu da azken hiru hamarkadetan, eta dagoeneko lurraldearen %2,6 estaltzen du. Mendebaldetik eta Bizkaiko kostaldetik Araba eta Gipuzkoara zabaltzen ari da. Azalera horren %60 inguru Eucalyptus globulus-ek estaltzen du. Eusko Jaurlaritzak landaketa horien hedapena ikusita, eukaliptoen ingurumen eragina ezagutu nahi du, eta horregatik, EHUk eta Aranzadi ZEk eragin hori ikertu dute.


Emaitzen erakutsi dute eukaliptoek eragin nabarmen negatiboa dutela ingurumenean, bai Euskal Herrian, bai penintsulan. Eukaliptopeko lurzoruak iragazgaitzagoak izan ohi dira, eta orbelak beste landare espezie batzuen hazkuntza geldiarazten du, substantzia toxikoak askatzen dituelako. Lurzoruko ornogabeen, lurreko onddoen, likenen eta landareen aniztasuna ere txikitu egiten da. Eukaliptadietan hegazti eta anfibioen ugaritasun eta dibertsitatea murrizten da, eta anfibioei, gainera, osasun egoera kaskartzen zaie eta portaera aldatzen dute. Ondorioak ez dira hain argiak ugaztunetan. Eukalipto landaketek eragina dute ibaietan aztertutako aldagai gehienetan. Eukalipto orbela kalitate baxuko eta mantenugai gutxiko bazka da. Horrek onddoen eta uretako ornogabeen ugaritasunean eta dibertsitatean eragiten du, eta ibaietako ekosistemaren funtzionamenduan eragiten du.


Azkenik, badirudi eukalipto landaketek basoko sute eta berotze globala areagotzen dutela. Eukaliptoen ingurumen eraginak ez dira lurzoruaren beste erabilera batzuenak bezain gogorrak, hala nola industriarenak edo hirienak, baina har dezaketen hedadura espaziala dela eta, eragin nabarmena izan dezakete. Gainera, eukalipto landaketek, batez ere, landa eremuei eta eremu isolatuei eragiten diete, eta horiek dira biodibertsitate handieneko lekuak Horregatik guztiagatik, eukaliptoen hedapenak eragin larriak izan ditzake Euskal Herriko ingurumenean, eta Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan diren espezieak are gehiago mehatxatu ditzake.


Erreferentzia bibliografikoa:

Elosegi, A., Cabido, C., Larrañaga, A., Arizaga, J. 2020. Efectos ambientales de las plantaciones de eucaliptos en Euskadi y la península ibérica. Munibe, Cienc. nat., 68.

http://www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/mcn.2020.68.20.pdf

59 views
en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.