ITSASOA

Bizkaiko golkoan ditut nire erroak, bertan jaio nintzen olatuen etengabeko talkak harria higatzean. Askok nire ermitari esker ezagutuko nauzue, edo Game of Thrones delakoan azaltzeko «ohorea» izateagatik. Baina gutxi izango zarete nire marearteko dibertsitatearen ezagun. Bizidun horien berezitasunak aditzeko, ingurumen baldintza oso latzak eskaintzen dizkiedala jakin behar duzue. Horrela, hiru bizitoki nagusi bereizten dira marearen eraginaren arabera. 

Lehenengoa marea bizien itsasgoretan soilik urperatzen da, eta hori dela eta, ez da ia urpean egoten. Bertako bizidunek ur-gabeziari eta tenperatura altuei egin behar diete aurre, eta ondorioz, likenak eta zianobakterioak dira nagusi. Bigarrena eguneko mareen eraginpean dago, hau da, modu erregularrean urperatzen da. Horregatik, espezie urtarragoak azaltzen dira, alga marroiak eta zirripedioak, besteak beste. Azkena marea bizien itsasbeheretan izan ezik, beti urpean egoten da. Eremurik egonkorrena da, eta hertsiki urtarrak diren espezieak azaltzen dira; urarekiko erabat menpekoak diren algak, itsas trikuak, itsas izarrak, anemonak… 

Ez al da zoragarria lortu dudan kolore festa? Tamalez, ezin da esan lasai bizi garenik. Ermitarekin nahikoa izan ez bazuten, orain, aparkaleku bat eraiki nahi dute nire magalean. Gutxi batzuek gozatu dezaten, nire koloreak itzaltzen amaituko duzue. Benitok dioen bezala: nola malko bat isuritzen den itsasoaren aurrean…

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.