ALDAKETA GLOBALA INGURUMEN HEZKUNTZARAKO AKUILU 

Klima aldaketarekin erotuta gabiltza, eta zoroaldian, alde batera utzi ditugu erabat lur erabileren aldaketak, habitat suntsiketak eta abarrak. Hezkuntzan ere klima aldaketa eta planetaren berotzea erabiltzen dira ingurumen hezkuntza lantzeko. Hala ere, gai horiek oso lausoak dira, gurean eraginak ikustea, oraindik orain, zaila delako. Aldaketa globalaren kalteak, aldiz, egunero ikusten ditugu baso soiltzeetan, biodibertsitate galeran eta beste hainbat auzitan, baina hezkuntzak, oro har, ez ditu lantzen.

 

Klima aldaketa hain lausoa izaki, ez da ikasleen kontzientziak mugiarazteko tresnarik onena. Aldaketa globala, ostera, akuilu hobea da kontzientziaziorako, EHko testuinguruan itsas mailaren igoerak eta tenperaturaren berotzeak ez dutelako hain azkar erasaten. Baso landaketek, azpiegitura handiek eta nekazaritza intentsiboak, berriz, gizarte ereduaren arazo larrienak bistaratzen dituzte.

 

Beraz, ingurumen hezkuntzaren ardatz klima aldaketaren partez aldaketa globala jartzeak zein onura dakartzan aztertuko dugu moduluan, era teorikoan zein praktikoan.

Hizlariak

Zarauztarra eta biologian doktorea. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI (Humanitate eta Hezkuntza Zientziak) fakultatean dihardu lanean 2011z geroztik. Bere lan esparruak irakasle formakuntzan kokatzen dira: batez ere, zientzien didaktikaren eta STEM-hezkuntzaren zein Ingurumen-hezkuntzaren arloetan.

Ikerketan egindako ibilbideari dagokionez, Doktore-tesia Urdaibaiko estuarioan egin zuen itsasadarreko uretako mikroorganismoak aztertuz. Geroztik, Zarautz eta bere inguruak ezagutu eta natur ondarea ezagutarazteko hainbat lanetan aritu da. Maila profesionalean, Lanbide Heziketako hezkuntza-berrikuntza prozesuak eta zientzien didaktikaren arlo ezberdinetan ikertzen du.

Gaztetatik Arkamurka natura-taldeko kide da, natur kontserbazioarekiko kezka eta konpromisoa talde horretatik eta bestelako herri eragile zein mugimendu ekologistetatik bideratu dituelarik. Begirada hori partekatzera dator Topaketa honetara, krisi ekologiko globalari buruzko ezagutzak eta diskurtsoak gurean, eta bereziki, eskolan duen edo beharko lukeen espazioari buruzko hausnarketa eragiteko asmoz.

Aitziber Sarobe Egiguren
Show More
María Napal Fraile
Show More

Lizarra, Nafarroa, 1983

Nafarroako Unibertsitatean biologian lizentziatu zen 2006n, eta handik bost urtera biologian doktore titulua eskuratu zuen EHUn. Tesiaren gaia Bechstein saguzarraren ikasketa konparatibo bat izan zen, Iberiar Penintsulako baso supramediterraneo eta atlantikoen artean.


2014an Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen irakasle gisa, eta Hezkuntza mundura hurbildu. Egun, etapa guztietako irakasleak - Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara arte - prestatzen ditu zientzia esperimentalak irakasteko. Besteak beste, Arazoetan edo Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza metodologiak lantzen ditu, gaitasun zientifikoa bultzatzeko asmoz.

Natur Zientzien IV. Topaketa udaberrian izango da

 

Laugarren edizioa prest izan arren, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek osasun larrialdiaren ondorioz. 

 

Mugikortasun mugak tarteko, ezinezkoa da azaroaren 7an eta 8an Euskal Herriko hainbat tokitako naturzaleak Iruñean biltzea. Horregatik, egokiago iruditu zaie arduradunei ekitaldia atzeratzea edizio birtuala egitea baino, topaketa, azken finean, naturzaleak saretzeko gunea delako. Are gehiago, natur zientzietako esparruko kideekin elkartzeko tokia da, aspaldi ikusi gabeko lagunak zertan dabiltzan jakitekoa, bizipenak partekatzeko foroa, jakinmina asetzeko ilusioa… Horiek guztiak nekez lortuko dira aurrez aurreko ekitaldirik gabe. 

 

Azaroko zita, beraz, udaberrian izango da, apirilean. Dagoeneko topaketarako izena emandakoei tokia gordeko zaie, eta ez dute berriz izena eman beharko. Hala ere, poster deialdia eta izen ematea berriz ere irekiko dira topaketaren udaberriko datak hurbildu ahala. 

 

Bien bitartean, antolatzaileek laugarren edizioko gai nagusia bizkar zorroan hartu eta Euskal Herriko bazterrak miatzera gonbidatu dituzte naturzaleak. Aldaketa globalaren xerka, bertako txoko miresgarriak topa daitezke, baita haien mehatxuak ere.

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.