BASOGINTZA: IRAGANA, ORAINA ETA GEROA

Gizakiaren bizierak eragin zuzena du lurzoruaren erabileran, eta giza jardueren isla da paisaia. Urbanizazioak, industria, lehen sektorea... jarduera batzuek biodibertsitatearen erabateko galera dakarte, beste batzuk, berriz, hura gordetzeko ezin aproposagoak dira.

Modulu honetan lur erabilera jakin bati buruz arituko gara, baso ustiaketaz aritu ere. Basogintza oso garrantzitsua izan da gurean, garai askotan gainera. Gogor ustiatu ziren esaterako pagadiak itsasontzietarako, hariztiak eraikuntzarako edo pinudiak papergintzarako. Orain, banda gorri-marroiak lerra jo duenean, basogintza bidegurutzean dago. Norantz joko ote du? Kontserbaziorantz ala ustiaketa hutserantz?

Galdera horri erantzuteko, baina, berebizikoa da lehenik historian zehar egindako kudeaketak aztertzea. Iragana ezagututa eskuratutako ikaspenekin, klima aldaketa aintzat hartuta, egokiago hausnartu ahal izango dugu etorkizuneko aukeren inguruan.

Hizlariak

Alvaro Aragón Ruano (Oiartzun, Gipuzkoa, 1969). Deustuko Unibertsitateko EUTGn Historian lizentziatu zen 1992an, eta handik zortzi urtera Historian doktore titulua eskuratu zuen EHUn, Gipuzkoako basoei buruzko tesi batekin. Horren ondorioz, El bosque guipuzcoano en la Edad Moderna: aprovechamiento, ordenamiento legal y conflictividad (Aranzadi Zientzi Elkartea, 2001) argitaratu zuen. Ordutik, nahiz eta beste arlo historiko batzuk ere jorratu dituen, besteak beste, itsas ekonomia, merkataritza edota nekazaritza, betiere Aro Berriko (XVI.-XVIII. mendeak) espezialista moduan, jarraitu du Euskal Herriko basoak eta mendiak ikertzen; adibidez, 2009an La ganadería guipuzcoana durante el Antiguo Régimen (EHU/UPV) argitaratu zuen. 

Azken urteetan, zuhaitz motzen inguruko ikerketa historiko eta etnografikoak egin ditu, eta, horren ondorioz, Jose Ramón Agirrekin batera Zuhaitz motzak: bizimodu baten ahotsak (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2012) bideoa argitaratu zuen, eta Zuhaitz motzei buruzko oharrak. Zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2014) argitalpenean hartu zuen parte. Egun, Nafarroako eta euskal Pirinioetatik Espainiako itsas armadarako (Ferrol, Kadiz edota Kartagenako artsenalentzat) ateratako egurrak ikertzen ari da.

Alvaro Aragón Ruano
Show More
Garazi Auzmendi Arkarazo
Show More

Garazi Auzmendi Arkarazok (Beasain, Gipuzkoa, 1988) unibertsitatean ingeniaritza ikasketak egin, eta bost urtez enpresa batean lanean aritu ondoren, ingurumenari loturiko ibilbideari ekin zion. “Aralar, mundua leku den lurra” filma kozuzentzeak jarri zuen bere ibilbide aldaketaren mugarria.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak 2018an emandako beka bati esker, klima larrialdiari aurre egiteko Gipuzkoako basoen gaitasuna ikertu zuen, eta gaur egun baso ekosistemen inguruko lanketa egiten jarraitzen du.

 

Alde batetik, baso ekosistemen inguruko hezkuntza eta komunikazio lanak egiten ditu: basoen ezaugarriak eta egungo testuinguruan horiek berreskuratzearen garrantzia gizarteratu, eta hainbat erabilera curricularretan sakontzea helburu.

 

Bestetik, Gipuzkoan ekosistema horiek berreskuratu eta lehengoratzeko zenbait proiektutan kolaboratzen ere ari da, bertako basoen hedapena areagotzeaz gain, horien egitura eta funtzioak hobetzeko lanak egiten. Bestalde, Naturtzaindia elkarteko kideekin Gipuzkoako kiropteroak aztertzeko lanetan dihardu.

Natur Zientzien IV. Topaketa udaberrian izango da

 

Laugarren edizioa prest izan arren, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek osasun larrialdiaren ondorioz. 

 

Mugikortasun mugak tarteko, ezinezkoa da azaroaren 7an eta 8an Euskal Herriko hainbat tokitako naturzaleak Iruñean biltzea. Horregatik, egokiago iruditu zaie arduradunei ekitaldia atzeratzea edizio birtuala egitea baino, topaketa, azken finean, naturzaleak saretzeko gunea delako. Are gehiago, natur zientzietako esparruko kideekin elkartzeko tokia da, aspaldi ikusi gabeko lagunak zertan dabiltzan jakitekoa, bizipenak partekatzeko foroa, jakinmina asetzeko ilusioa… Horiek guztiak nekez lortuko dira aurrez aurreko ekitaldirik gabe. 

 

Azaroko zita, beraz, udaberrian izango da, apirilean. Dagoeneko topaketarako izena emandakoei tokia gordeko zaie, eta ez dute berriz izena eman beharko. Hala ere, poster deialdia eta izen ematea berriz ere irekiko dira topaketaren udaberriko datak hurbildu ahala. 

 

Bien bitartean, antolatzaileek laugarren edizioko gai nagusia bizkar zorroan hartu eta Euskal Herriko bazterrak miatzera gonbidatu dituzte naturzaleak. Aldaketa globalaren xerka, bertako txoko miresgarriak topa daitezke, baita haien mehatxuak ere.

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.