BASOA

Basoak segida ekologikoa jarraiki hazitako zuhaitz eremuak dira, hainbat espezie eta adineko landareekin eta egur hilarekin. Zenbait kolektibok definizio hori sinplikatu egin du, eta zuhaitzak egote hutsari deritze baso. Atzen definizio horri helduta, azken baso inbentarioak Nafarroako basoen estaldura, azkeneko 20 urteetan, %25 handitu dela jasotzen du. Herrialdeko anai-arreba guztiontzat sekulako notizia da hau! Baina beraiekin hitz egiten dudan bakoitzean gero eta gaixoago daudela esaten didate…

Bai, tira. Albiste horrek badu bere maltzurkeria ezkutua. Baso estaldurak gora egin duela badiote ere, konifero landaketak dira gehien gora egin dutenak. Gainera, hauetako asko eta askok baso mixtoen lekua hartu dute. Baina zuhaitza, zuhaitza bada, zergatik da hau kaltegarri?

Batetik, landaketek, ibai ertzetako habitatetan arrotz direnez, ondorio kaltegarriak eragiten dituzte behin-behinean ibai ekosistemetan, baina hori beste saski bateko perretxikoa da. Bestetik, askotan etekin ekonomikoa lortzea da landaketen helburua. Ustiapena ahalik eta errentagarrien izate aldera, lan gutxirekin mozkin handia ateratzea da xedea. Hala, arraseko mozketak egin ohi dira, zuhaiztietako ale guztiak lur mailatik moztu. Hutsaren hurrengora. Ustiapen eredu horrek, baso sistemaren habitata guztiz eraldatu ez ezik, lurraren higadura asko emendatzen du, zuhaitzek zeresan handia baitute funtzio honetan. Bestalde, baso mixtoetan bizi diren zuhaitzek onura ere lortzen dute berezko heterogenotasunetik. Izan ere, estres hidrikoa txikitu egiten da baldintza hauetan.

Ni neu baso-mixtoa naiz, Europako hedatuenetan bigarrena, eta nik ez dut halakorik jasan… Egia da hori. Lami, basajaun eta Mariren gotorleku ere izendatu zaituzte askotan, eta ez dugu ahaztu behar Iberiar penintsulako okil guztiak aurki ditzakegula zugan. Eta badirudi, arrazoia honakoa dela, zure ingurukoek beste askok baino sen hobea izan, eta XVI. mendetik noiz edo noiz ile urdinak kendu badizkizute ere, jatorrizko itxura mantendu duzula. 

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.