BASAMORTUA

Neguan izotz, udan gar, beti idor, sekula mortu. Bizkor, gogor, lakar, arantzatsu. Horrelakoak dira bardeako landareak. Hondar, gatz, igeltsu. Bertan diraute larre, sastrakadi eta basoek. Egarri, izerdi, usain gozo, lore koloretsu. Zentzumenak pizten dira desertuan. Haizea, ufadak, iparra… ziertzoa. 

 

Lehorraren lehorrak eramango ditu Bardeetako abelxuriak Zaraitzu eta Erronkarira, betiereko zelai berdeetara. Landazuria, Pizkerra eta Beltzo zurtz geratuko dira udazkenera arte, zorionez espartzuak bertan iraungo du, eta itzuleran artzainek espartin berriak izango dituzte zain. El Pano, Bardea zuria eta Bardea beltza; beti ur eske, ekaitz burrunben aiduru. 

 

Zoritxarrez, tximisten eta bisutsen dunbotsa entzun beharrean gehiegitxotan entzuten dira bestelako arrama, durunda eta zaratotsak, tirak eta punbak, gure eremurik baketsuenak guduzelai bihurtu arte. Zorionez, ezingo ditugu hegaztien txorrotxio, txiruliru, txinta, eta txortxorrak isilarazi. Erne ibili, begi bizkorrentzat basamortua berehala piztuko baita.

en-removebg-preview.png
m2896522-removebg-preview_edited.png

2020

Eduki guztiak CC-by-sa 4.0 lizentziapean argitaratu dira kontrakoa adierazi ezean.